2025eko martxoak 22
Donostiako Campusa
Martxoaren 22an izan zen 2023-2024 ikasturtean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZko), EAZ + Digital Business Skillseko, EAZ + International Management Skillseko eta EAZ + Berrikuntza eta Ekintzailetzako ikasketak bukatu zituzten gradudunen izendatze ekitaldia, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Gradudun berriak Deusto Business School-Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoak dira. Guztira 97 ikaslek eskuratu dute graduko titulazioa.
Ekitaldia Loiola Centrumean izan zen, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko gune nagusian, hiru dorre bereizgarrien babesean. Ekitaldiaren buru Xabier Riezu campuseko errektoreordea izan zen, eta harekin batera izan ziren 4 urte hauetan ikasleek, beren hazkunde pertsonal eta profesionaleko ibilbidean, ondoan izan dituzten Fakultateko irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak.
Izendatze ekitaldia garrantzi handikoa da unibertsitate bizitzan. Ekitaldian honakoek hartu zuten parte, besteak beste: Álvaro de la Rica (Deusto Business Schooleko dekanoa), Ignacio Muñoz (Deusto Business Alumniko presidenteordea), Asunción Ibáñez (Deusto Business Schooleko Donostiako campuseko dekanordea), Mila Pérez (Deusto Business Schooleko idazkariordea), María Goya eta Diego Ramos (gradudunen izenean, hitzaldia egin zutenak), Maddi Lazcano (EAZko agintza), Mikel Apaolaza (EAZ + Digital Business Skillseko agintza), María Gonzalez (EAZ + International Management Skillseko agintza) eta Peru Goicoechea (EAZ + Berrikuntza eta Ekintzailetzako agintza). Peio Azpitarte SJ., Pastoraleko Zerbitzuko arduradunak gradudun berriei bedeinkapena eman zien, ekitaldi hunkigarrian. Mariak eta Diegok, beren ikaskideen ordezkari gisa emandako hitzaldian, ikasketetako urteak gogoratu zituzten, bereziki, bizi izandako esperientziak eta eskuratutako jakiteak eta gaitasunak. Eskerrak eman zizkieten irakasleei eta unibertsitateko zerbitzuetako langileei, baita familiei eta lagunei ere.
SIN PALABRASS metal boskoteak, Musikene-Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegikoak, jo zuen atsedenaldian. Gainera, Easo Abesbatzak, Gorka Mirandaren zuzendaritzapean eta Lucía Arzallusek pianoan lagunduta, Agur Jaunak abestu zuen ekitaldiaren hasieran eta Gaudeamus Igitur, amaieran.
Gradua edo prestakuntza programa konbinatua 4 urtean egiteaz gainera, nahi izan duten ikasle guztiek seihileko bat (batzuek, urte osoa) egin dute Europa, Amerika eta Asia-Pazifikoko unibertsitateren batean, Deusto Business Schoolek, Donostiako campusean, nazioarteko truke hitzarmenak baititu atzerriko 65 unibertsitate baino gehiagorekin, 27 herrialdetan. 2023-2024 ikasturtetik aurrera, EAZko graduaren diseinua egokitu denez, gradu osoa ingelesez egin daiteke. Era berean, ikasle guztiek ikasketak lanbide esperientziaren batekin gutxienez amaitu dituzte, Fakultateak 500 enpresa baino gehiagorekin dituen lankidetza hitzarmenei esker. Hori guztia Deusto Business Schoolek eskaintzen duen prestakuntza integralaren barruan dago, prestakuntza horrek, beste zenbait ezaugarriren artean, nazioarteko ikuspegia eta orientazio praktikoa azpimarratzen baititu.
Gradudun berriak Deusto Business Alumniko kide izango dira, ikasle ohiak biltzen dituen elkartea. Elkarteak 7.000 bazkide baino gehiago ditu, 2.700 enpresatan lanean. Enpresen eskariei eta beharrei efizientziaz erantzuteko sortu zen. 2024ko azaroan egindako azken inkestaren arabera, promozio honen enplegu tasa % 98koa zen, Deusto Business Schoolen ikasketak amaitu eta sei hilabetera.
Ospakizun hau ikasleei ahalegin handia eskatu dien garai baten amaiera da. Urte horietan, familiak ondoan izan dituzte, behar zuten babesa emateko. Unibertsitatearentzat berarentzat ere une berezia da, pozik ikusten baitu bere misioa bete duela, justiziarekin eta berdintasunarekin konpromisoa hartuko duen gizarte bati zerbitzua eskainiz.