Deusto - Bizkaia Ekintzailetza eta Berrikuntza Globaleko Sarearen Nazioarteko I. Topaketa Unibertsitatean, STEM talentua erakartzeko

Deustuko Unibertsitateak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin batera lideratzen duen ekimen hori azaroaren 18tik 22ra aurkeztu zen, lurraldeko enpresetara talentu latinoamerikarra erakartzeko.

Deusto - Bizkaia Ekintzailetza eta Berrikuntza Globaleko Sarearen Nazioarteko I. Topaketako mahai-inguruetako bateko parte-hartzaileak

2024ko azaroak 18

Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, “Bizkaia with the talent” ekimenaren bidez, STEM profila duen Latinoamerikako talentua erakarri nahi dute, inguruko enpresa erreferenteen berrikuntza aktibatzen lagundu ahal izateko. Horretarako, Latinoamerikako AUSJAL jesuiten unibertsitateen sarearekin lankidetzan, Deusto - Bizkaia Berrikuntza eta Ekintzailetza Globaleko Sarea sortu dute. 

Sare hori aurkezteko eta Bizkaiko ekosistema berritzaile guztia ezagutarazteko, Unibertsitateak Deusto - Bizkaia Berrikuntza eta Ekintzailetza Globaleko Sarearen Nazioarteko I. Topaketa antolatu du azaroaren 18tik 22ra. Topaketa horretan proiektuan inplikatutako eragile guztiak biltzen dira. 100 pertsona baino gehiago, AUSJALeko unibertsitateen, parte-hartzaileen, erakundeen, enpresen eta Bizkaiko ekosistema berritzaile eta ekintzaileko eragileen artean. 

Topaketa azaroaren 18an ireki zen, Juan Jose Etxeberria Deustuko errektorearen parte-hartzearekin. Errektorearen ustez, unibertsitateen arteko lankidetza funtsezkoa da talentu globala garatzeko eta berrikuntza bultzatzeko. Bere hitzetan, "Deustuko Unibertsitateak konpromiso irmoa hartu du nazioarteko lankidetzarekin, bereziki AUSJAL sareko unibertsitateekin. Jesuiten sareek hainbat elementu dituzte komunean: tokiko testuinguru bakoitzaren berezitasunak errespetatzen dituen aniztasuna, lankidetza globalaren abantailak aprobetxatuz, eta esperimentazioa, ikaskuntza eta aldaketa sustatzen dituen berrikuntzarako irekitasuna. Sare horiek berrikuntzarako eta eraldaketarako aukerak sortzen dituzte, eta Deusto -Bizkaia Berrikuntza eta Ekintzailetza Globalaren Sarea ikuspegi horren adibide bikaina da", nabarmendu zuen.

Azaldu zuenez, esperientzia hori oso aberasgarria izaten ari da parte hartzen duten alde guztientzat. Parte-hartzaileentzat, garapen profesional eta pertsonalerako ate bat irekitzen dielako, Bizkaiko punta-puntako enpresetan lan egin ahal dutelako. Bizkaiko enpresentzat, bestalde, sare hau da beren proiektu berritzaileenak gauzatzeko behar duten talentu oso kualifikatua lortzeko bidea.  Eta Latinoamerikako unibertsitateei dagokienez, proiektu honek aukera ematen die beren tituludunei nazioarteko testuinguruan garatzeko, haien enplegagarritasuna eta garapen profesionala hobetzeko. Azkenik, Bizkaiarentzat, Lurralde gisa, sare horrek gaur egun enpresek eta erakundeek hainbeste eskatzen duten nazioarteko talentua ematen du – errektoreak adierazi zuen bezala –.

"Hain zuzen ere, sareko lanaren, sektoreen arteko lankidetzaren eta guztion ondasunarekiko konpromisoaren ildo horretan aurkitzen dugu Deustuko Unibertsitatearen hurrengo urteetarako ikuspegi estrategikoa". Hala, adierazi zuen gure unibertsitate ereduak azpimarratzen duela pertsonek elkarrekin lan egiteko duten gaitasuna, eta pertsonen, erakundeen, entitateen eta taldeen arteko lankidetzaren eragin biderkatzailea. Izan ere, gaur egungo munduko erronkek sareko lana eta sektoreen arteko lankidetza eskatzen dute, ez tresna huts gisa bakarrik, baita jarrera indibidual eta kolektibo gisa ere. "Uste osoa dut, lankidetzan arituzz, gizartearentzat etorkizun berritzaileagoa, inklusiboagoa eta oparoagoa eraikitzen jarraitu ahal izango dugula", amaitu zuen. Hitzaldi osoa.

Juan José Etxeberria errektorearen hitzen ondoren, Garbiñe Henry Unibertsitateko Berrikuntza eta Ekintzailetzako zuzendaria Sarearen helburuak aletzeaz arduratu zen; ondoren, AUSJAL Sareko Unibertsitate Nodoekin solasaldi bat egin zen. Jarraian, beste mahai-inguru bat egin zen enpresetako ordezkariekin eta parte-hartzaileekin, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Ekonomia Eragileekiko Harremanetarako Unitateko zuzendari Maria Lambarrik moderatuta. Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak eman zion amaiera ekitaldiari.

Sektoreen araberako topaketak, bisitak eta Deusto Social Lab Aholku Batzordearen “Sareen balioa partekatzeko” saio hedatua

Aste honen barruan, sektoreen arteko topaketak egingo dira enpresa eta klusterrekin, eta bisitak egingo dira Bizkaiko berrikuntza-ekosistema osatzen duten erakundeetara: B Accelerator Tower-BAT eta Automotive Intelligence Center-AIC enpresetara. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Lehiakortasun Konferentzian parte hartu zen, Gasteizko Artium Arte Garaikideko Museoan, non 2024ko Lehiakortasun Txostena aurkeztu zen.

Era berean, azaroaren 21ean, osteguna, 18:00etan, Deusto Social Lab Aholku Batzordearen bilkura hedatua egingo da, “Sareen balioa partekatzeko” lelopean, Deusto Business Schooleko Faculty Clubean. Jardunaldi horretan, aipatutako gaia aurkeztuko da; ondoren, Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko Bizkaiko foru diputatuak, Ramiro Bernal Pueblako Unibertsitate Iberoamerikarreko Diseinu eta Berrikuntza Teknologikoko Institutuko zuzendariak, Víctor Urcelay Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetzako eta Enpresekiko Harremanetako errektoreordeak eta Xabier Manterola TEKNEIko aholkularitza arloko zuzendariak parte hartuko dute solasaldian.

Asteari amaiera emateko, Javier Arellano Deustuko Unibertsitateko Ikerketako eta Nazioarteko Harremanetako errektoreordeak parte hartuko du, eta Sarearen lan saioak egingo dira 2025eko deialdia abian jartzeko.

Informazio gehiago

2024-11-18 - Deusto - Bizkaia Ekintzailetza eta Berrikuntza Globaleko Sarearen Nazioarteko I. Topaketa Unibertsitatean, STEM talentua erakartzeko