Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Unibertsitateko errektoretza talde berria izendatu du

Errektoreordetzak arlo estrategikoen inguruan berrantolatu dira, Ikaskuntza eta Eraldaketa Digitala edo Ikerketa eta Nazioarteko  Harremanak batuz, besteak beste. Karguaz jabetzeko ekitaldia uztailaren 11n izango da, 12:00etan.

Nuevo equipo rectoral de la Universidad de Deusto

2023ko ekainak 22

Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, Estatutu Orokorren 17.12 artikuluak ematen dizkion ahalmenez baliatuz, errektoreak proposatuta, honako izendapen hauek onartu ditu:

- Xabier Riezu Arregui,
Donostiako campuseko eta Hizkuntza Politikako errektoreordea.

- Elena Auzmendi Escribano,
Ikaskuntzako eta Eraldaketa Digitaleko errektoreordea.

- Aitziber Irigoras Alberdi,
Unibertsitateko Elkarteko eta 2030 Agendako errektoreordea.

- Francisco Javier Arellano Yanguas,
Ikerketako eta Nazioarteko Harremanetako errektoreordea.

- Víctor Urcelay Yarza,
Ekintzailetzako eta Enpresekiko Harremanetako errektoreordea.

Agintari berri horien eta Gonzalo Meseguer Tapiz zuzendari kudeatzailearen kargu hartzeko ekitaldia uztailaren 11n izango da, 12:00etan.

Juan Jose Etxeberriaren errektoretza taldea Stella Solernou Sanz Idazkari Nagusiarekin osatzen da, 2021eko ekainean izendatua izan ondoren, karguan jarraituko baitu.

Aurpegi berriak

Talde berrian bi aurpegi berri izango dira: Aitziber Irigoras, Unibertsitateko Elkarteko eta Agenda 2030eko errektoreordea, eta Javier Arellano, Ikerketa eta Nazioarteko Harremanetako errektoreordea. Gainera, errektoreorde batzuen arduretan aldaketak daude. Horrela, Elena Auzmendik betetzen duen Ikasketen Antolamenduko, Irakaskuntzaren Berrikuntzako eta Kalitateko errektoreordetza Ikaskuntzako eta Eraldaketa Digitaleko errektoreordetza bihurtuko da, eta Donostiako errektoreordeari Hizkuntza Politikaren ardura gehituko zaio. Victor Urcelayk orain arte zuen kargu berari eutsiko dio: Ekintzailetzari eta Enpresekiko Harremanei.

Aitziber Irigoras Alberdi

Aitziber Irigoras Zuzenbideko doktorea eta Zuzenbidean eta Ekonomia Espezialitatean lizentziatua da. 1999an sartu zen Deustuko Unibertsitatean, Zuzenbide Publikoaren arloko irakasle; Zuzenbide Fakultateko Orientazio Zerbitzuko tutorea da, eta Zuzenbide Fakultateko Praktiketako taldeko kidea 2020tik.

Durangoko alkate izan da 2008 eta 2019 artean, EUDELeko Kontseilu Exekutiboko kide (2011-2014), Bilbao Bizkaia Kutxako Batzorde Exekutiboko eta Administrazio Kontseiluko kide (2010-2012) eta Durangoko Udaleko lehen alkateorde (2003-2008) izan da eta Ogasunaz, Barne Araubideaz, Udaltzaingoaz eta Garapen Iraunkorraz arduratu da. Durangaldeko Udalerrien Mankomunitateko lehen lehendakariordea ere izan da (2003-2007).

Argitalpenen artean Derechos Históricos Vascos eta Constitucionalismo español: Foralidad y Sistema Jurídico Liberal en el siglo XIX dago. Halaber, Zuzenbidearen Euskal Akademiaren Buletinean argitaratutako “Eskubide Historikoen atarian: Forutasuna eta Sistema Juridiko Liberala XIX. mendean” artikuluaren autorea da. Bereak dira Francisco Tomás y Valienteren Espainiako zuzenbide historiaren eskuliburuaren eta Zigor kodearen itzulpenak, biak Deustuko Unibertsitatearen argitalpenak.

“Ignatius: El primer preámbulo es la historia” artikuluan ere lagundu du, Transformación y espiritualidad: miradas para un mundo en crisis liburuaren barruan, baita “El Debate ignaciano” artikuluan ere, Comillas Unibertsitate Pontifikaleko Cuadernos de Pedagogía Ignaciana koadernoetan jasoan.

Javier Arellano Yanguas

Javier Arellano  Garapen Ikasketetan doktorea da, Gobernantza eta Garapeneko masterra, Nazioarteko Ekonomian eta Lankidetzan aditu aurreratua, Erlijio Zientzietan eta Teologian lizentziatua eta Nekazaritzako ingeniaria.

2011n sartu zen Deustuko Unibertsitatean. Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoa izan da 2020tik. Lehenago, Etika Aplikatuko Zentroko (CEA) zuzendaria izan zen 2013tik. Gizarteko Errealitateari Aplikatutako Etikako ikertaldeko ikertzaile nagusia (2014-2020) eta 2020an Giza Eskubideak, Etika eta Kultura Saileko zuzendaria. Unibertsitatearen Gizarte Erantzukizuneko proiektuko "Justizia Sozialerako Elkartasuna eta Lankidetza" Planaren koordinatzailea eta Gobernu Kontseiluko kidea (2015-2020).

Aurretik, Ikerketa eta Sustapen Ekonomikorako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zerbitzuaren Fundazioan (SAIPE) lan egin zuen, Amazonaseko Misión del Alto Marañón-en, Perun (1991-1993). Alboan Fundazioko zuzendaria izan zen (1996-2006), Loiolako Probintziako Gizarte Sektoreko ordezkaria (1998-2006) eta Jesusen Lagundiko Hegoaldeko Europarako Gizarte Sektoreko koordinatzailea (2004-2006).

Merezimendu akademikoen artean dago Gizarte Eragineko Ikerketaren DU-Banco de Santander Saria (2016). Visiting Research Fellow izan zen Institute of Development Studies-en (University of Sussex) eta Iberoamerican Journal of Development Studies-eko Argitalpen Kontseiluko kide da.

Ikerketa akademikoa honako gai hauei buruz egin du: garapenaren ekonomia politikoa, gizarte gatazkak, estatuaren eta herritarren arteko harremanak, gizarte mugimenduak, kontu-ematea eta gobernu irekia. Latinoamerikako erauzketa industrien testuinguruan tokiko garapen eta gobernantzari buruzko ikerketa egin du, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren mobilizazioen inguruko dinamika sozial eta politikoei buruzkoa ere. Ikerketa-lanari lotuta, aholkulari lan egin du erakunde hauentzat: Revenue Watch Institute (RWI), United Nations Research Institute for Social Development (UNRISD), Transparency Inititative (TI), Swiss Agency for Development and Cooperation (SDC), Practical Action, and Open Government Partnership (OGP).