Guinea familiak jaso du “Familia enpresaburuaren Antonio Aranzabal saria” 2021eko edizio honetan, GHI Hornos Industriales enpresaren gidaritzan egindako lanarengatik

Jornada de la empresa familiar

2021eko maiatzak 13

Donostiako Campusa

Antonio Aranzabal Fundazioak 2021eko “Antonio Aranzabal saria” Guinea familiari eman zion maiatzaren 13an. Sariarekin, Fundazioak familia honen ibilbidea aitortu nahi izan du, nazioartekotzean eta berrikuntzan oinarrituta, espiritu berritzaileari eutsi baitio hiru belaunaldiz. Saria emateko ekitaldia Familia Enpresaren XXI. Jardunaldian egin zen, Deusto Business Schoolek, Antonio Aranzábal Fundazioarekin batera, 2000tik antolatzen duen ekitaldi batean. Aurtengo edizioak, 21.enak, “Familia enpresaren irudia” izan zuen ardatz eta aditu hauek hartu zuten parte bertan: Javier Beistegui. (Beistegui Hermanos-BH enpresako gerentea eta laugarren belaunaldiko kidea), José Miguel Munilla (RNDGroupeko kontseilari ordezkaria) eta Susana Alejandro (Saicako Estrategia eta Garapen Korporatiboko zuzendaria). Jardunaldian ere izan ziren, halaber: Jokin Perona, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatua, Iker Estensoro, Ekonomia Sustapeneko zuzendaria, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuan, Javier Larrañaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua, Xabier Riezu, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordea, Álvaro de la Rica, Deusto Business Schooleko dekanoa.

Guinea familiak jaso duen Antonio Aranzabal saria aurretik beste familia hauek jaso zuten: Ángel Iglesias (Ángel Iglesias, S.A. – Ikusi) eta Ignacio Garmendia (Construcciones Electromecánicas LETAG); Juan Celaya (Cegasa, Tuboplast eta Hidronor); Miguel Odriozola (Industrias Lagun-Artea); Gasteluiturri-Salterain familia (Fundiciones Garbi); Patricio Echeverria (Corporación Patricio Echeverria); Juan Jesús Santa Cruz (Grupo Calcinor); Unai de Arteche (Grupo Arteche); Teodoro Alcorta (Alcorta Forging Group); Javier Ormazabal (Grupo Ormazabal); eta, azkenik, Luis María Cañada Vicinay (Cadenas Vicinay), Javier Altuna (Ogiberri), Pasaban familia (Pasaban), Reiner familia (Reiner), Llordés familia (Grupo Salva), Garay familia (Hijos de Juan de Garay), Garate-Unceta familiak (Grupo Unceta), eta, azkenik, de Aranzabal familia (La Rioja Alta, Agromotor eta Albertia).

Antonio Aranzabal Fundazioa eta Deusto Business School

Antonio Aranzabal Fundazioa Antonio Aranzabalek sortu zuen, 1998an, enpresaburuen garapena sustatzeko eta bultzatzeko. Helburu hori lortzeko, Fundazioak urteko laguntzak ematen ditu prestakuntzarako, ikasketa bekak, sariak eta bestelako pizgarriak, ekintzaileei laguntzeko eta haien ekarpena aitortzeko, garaiz identifikatuz, beren prestakuntzan lagunduz, eta, azkenik, eta beren ibilbidearen arabera, enpresaburu gisa izan dituzten lorpenak aitortuz.

Fundazioak asmo handiko lankidetza programak ditu bi unibertsitaterekin: Deustuko Unibertsitatearekin, Familia Enpresaren Katedraren bidez, eta Nafarroako Unibertsitatearekin, Ingeniaritza Termiko eta Jariakinen Katedraren bidez. Era berean, Zarauzko La Salle Ikastetxearekin ere badu harremana, ikasteko bekak ematen baititu eta ikasketetan gehien saiatzen diren ikasleei aitorpena egiten. Azkenik, Novia Salcedo Fundazioarekin ere lan egiten du, Pegasus proiektua babesten, gazteen enpleguari laguntzeko, 2013an abian jarri zenetik.

Antonio Aranzabal Fundazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen arteko lankidetzak aurten 21 urte bete ditu. Lankidetza horri esker, familia enpresaren arloko hainbat ekimen bultzatzen dira, bi erakundeen arteko Familia Enpresaren Katedraren bidez.