2025eko apirilak 03
Donostiako Campusa
Deusto Business Schoolek eta Antonio Aranzabal Fundazioak Familia Enpresaren XXV. Jardunaldia egin zuten Donostiako campusean. Jardunaldiaren hasieran, Katedraren zuzendariak, Cristina Aragonek, mende laurden honetan egindako lana nabarmendu zuen. 300 zuzendari baino gehiagok eta 400 ikasle baino gehiagok jaso dute familia enpresaren inguruko prestakuntza, 22 familia enpresabururi eman zaie Antonio Aranzabal saria, eta familia enpresen 25 kasu idatzi dira, irekian argitaratutako familia enpresen kasu bilduma handienetako bat. Katedrak Gipuzkoako Foru Aldundia, Rural Kutxa, AEFAME, Gipuzkoako Merkataritza Ganbera, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Finantzen Euskal Institutua, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, Elkargi eta beste eragile eta erakunde batzuekin izan duen lankidetzari esker, unibertsitateko jakintza gizartera eraman ahal izan da eta enpresako jakintza, unibertsitatera. Jakintza sortzea eta transferitzea izan dute helburu urte hauetan egin diren 25 argitalpen eta biltzarretako komunikazioek eta 15 proiektu eta ikerketa tesiek.
Aurtengo edizioan, “25 urteko loturak ospatzen” izenekoan, honakoek hartu zuten parte: María Pilar Martínez Cosentino, Grupo Cosentinoko presidenteorde exekutiboa eta hirugarren belaunaldiko kidea; Félix Lascaray Palacios, Lea Lascaray enpresako zuzendari nagusia eta seigarren belaunaldiko kidea; eta Ignacio Rivera Quintana, Grupo Hijos de Rivera taldeko presidentea eta laugarren belaunaldiko kidea eta, gainera, Familia Enpresako Institutuko presidentea.
200 pertsona inguru elkartu ziren Deustuko Unibertsitatean urteurrena ospatzeko, horien artean, erakunde askotako ordezkariak. Besteak beste, jardunaldian izan ziren Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen diputatua; eta enpresaburuen elkarteen izenean, Gaizka Zulaika, AEFAMEko zuzendaria, Zenon Vázquez (Elkargi) eta José Miguel Lanzagorta, AEFAMEko presidentea, beste hainbaten artean.
Deustuko Unibertsitateak ere urteurren honen garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta ekitaldian izan ziren Juan José Etxeberria, Unibertsitateko errektorea; Xabier Riezu eta Víctor Urcelay, errektoreordeak; eta Álvaro de la Rica, Deusto Business Schooleko dekanoa. Hain zuzen ere, Deustuko Unibertsitateak Antonio Aranzabal Fundazioari oroigarri bart eman zion, urte hauetan guztietan erakutsi duen ausardia, bultzada eta leialtasuna eskertzeko.
Ospakizun honetan, negozio eskolaren eta Aranzabal familiaren ondoan egon nahi izan zuten enpresaburu eta zuzendari ugarik. Horietako batzuek, Javier Ormazabal (Grupo Velatia), Guillermo de Aranzabal (La Rioja Alta SA), María Luisa Guibert (Algeposa) eta Nuria Lekuek (Estaciones de Servicio Galindo), ikasleekin, Fundazioko Patronatuko kideekin, zuzendariekin eta erakundeetako ordezkariekin batera, haien lekukotza utzi dute 25. urteurrena ospatzeko egin den bideoan.
Jesús Guibert Azcueri eman diote, hil ostean, enpresaburu ekintzailearen 2025eko “Antonio Aranzábal saria”, Marcial Ucinen egindako lanagatik.
Antonio Aranzabal Fundazioak 2025eko “Antonio Aranzabal saria” eman zion Jesús Guibert Azcueri. Saiaren bidez, Fundazioak enpresaburu honen ibilbide pertsonala eta profesionala aitortu nahi izan ditu, espiritu ekintzailearekin eta enpresari eta komunitateari zerbitzu emateko bokazio sendoarekin, bere enpresa proiektua sendotzen jakin zuelako.
Bere adimenari, izaera ekintzaile eta berritzaileari eta lanerako gaitasunari eta tinkotasunari esker, senideekin batera Marcial Ucin Euskal Autonomia Erkidegoan teknologia aurreratuena zuen enpresetako bat izatea lortu zuen, izen bereziko siderurgia lantegia, proiekzio handikoa. Enpresa nazioan eta nazioartean hedatzen joan zen. Marcial Ucin Taldearen hazia izan zen. Talde horren barruan zeuden Corrugados Azpeitiako lantegia, Corrugados Lasaokoa eta Corrugados Getafekoa, Baionako ADA lantegia eta Zumarragako Esteban Orbegozo lantegia. Horregatik guztiagatik, erreferentetzat jotzen da Gipuzkoako industria sektorean.
Antonio Aranzabal Fundazioak Guiberten ezaugarri pertsonalak eta izaera bihozbera ere nabarmendu zituen. Sinesmen sakoneko gizona, oso erlijiosoa, espiritualtasun horretan aurkitu zuen bere bizitzako unerik zailenetan aurrera egiteko indarra, besteak beste, 55 urte zituela ETAk bahitu zuenean. Gizon apala, hitz gutxikoa eta giza kalitate handikoa, bere ezaugarri pertsonalek eta ibilbide profesionalak eragin handia izan du familian.
Maria Luisa Guibert alabak jaso zuen saria. Fundazioari eskerrak emateaz gainera, aita modu hunkigarrian oroitu zuen.