MAG+Seko gazteak, tartean Deustuko Unibertsitateko ikasleak, Valladoliden bildu dira III. Makrotopaketan

MAG+S topaketa

2025eko otsailak 17

Bilboko Campusa

MAG+S komunitateetako 350 gaztek baino gehiagok parte hartu zuten MAG+S makrotopaketaren 3. edizioan. Makrotopaketa otsailaren 14tik 16ra egin zen, San Jose Ikastetxean (Valladolid).

'Zatoz, jarrai iezadazu' lelopean, 2024/25 ikasturteko indar lerroen artean, hain zuzen, gazteei eten bat egin eta bakoitzarentzat Jainkoak zer duen amets sakontzeko gonbitea luzatu zitzaien. Zentzu horretan, ikastetxea elkarbanatzeko gune bihurtu zen, gazte bakoitzak bere fede bidean sakontzeko eta Jesusen deiari erantzuteko. Izan ere, bokazioaren gaia izan zen egun horietako ardatz nagusia.

Gazte batzuk beste Ignaziotar esperientzia batean elkartuak ziren eta beste askok lehen aldiz ezagutu zuten elkar. Horrek guztiak gehiago indartzen du MAG+S komunitateen sarea Espainian. Jesuitek, lekaimeek (Jesusen Bihotzaren esklaboak, Jesus-Maria lekaimeak, Jesusen Alabak, Mariaren Konpainiako lekaimeak eta Jesusen Bihotzaren lekaimeak) eta ignaziotar espiritualtasuneko laikoek (CVX eta misioarekin konprometitutako pertsonak) hurbileko bidelaguntza eta bana-banakoa egiteko aukera eman zieten partaideei.

Bokazioari buruzko iritzia

Sevillako Maite Gutiérrezen ustez, bokazioa pertsona bakoitzaren bidea aurkitzea da: "Esan nahi du deiera dugun horri erantzutea, Jainkoak zoriontsu non irudikatzen gaituen eta guk geure burua non ikusten dugun egoki". Bilatzea eta helmuga ere badela gaineratu du: "Valladoliden egun hauek asko indartu naute, niretzat Jesusi jarraitzea alferrik galdu nahi ez dudan oparia da", azaldu du.

Bestalde, Luis Arranzentzat (SJ) aukera izugarria izan da bidelagun egin ahal izateko: "Jende askorekin topo egin dut eta zalantza eta kezka ugaritan bidelagun egin ahal izan dut, eta gazteak Jesusengana hurbildu ere egin ditut", aitortu du. Luisek argi dauka. Jesuita horrentzat bokazioak bizitza esan nahi du: "Dena esan nahi du".

Zaragozako Jesus Leachen iritziz, makrotopaketara etortzea aukera bat izan da pertsona asko ikusteko eta berriro harremanetan jartzeko: "Aspaldi ez nituen ikusten, Pazkoetatik edo JMJtik, eta aukera ona izan da elkarrekin berriro aurkitzeko", aitortu du. Bere ikaskuntzarik handiena izan da Jainkoak amets bat duela berarentzat: "Jainkoak libre egiten nau eta noan lekura noala ere, ziur nago Berak emango didala dohaina neure burua besteei emateko", kontatu digu. Bokazioari buruz: "Nik neure burua egiteari uztea eta Jainkoak egin nahi duena egiten uztea da, hau da, Jainkoak nire bizitzan zer nahi duen bilatzea eta Hari dena ematea", gehitu du.

'Fast food' pentsamendua

Enric Puiggròs Llavinés (SJ), Jesusen Lagundiko probintziala Espainian, gazteekin egon zen azken egunean. Ignaziotar espiritualtasunak zer ematen duen baloratzen hasi zen: "Izpirituaren dohaina da, baina ez da inoren jabetza pribatua", esan zuen. Hitzaldian, Cristóbal Fonesen (SJ) 'Declaración de domicilio’ abestiari buruzko hausnarketa lurreratua egin zuen: "Asmoa adieraztea da, gure bizilekua non egongo den adieraztea, non bizi nahi dugun esatea", hasi zen esaten.

Jainkoa, erantsi zuen probintzialak, munduaren bihotzean mintzo da inon eta beteen: "Gaurko hizkuntzara ekarrita, eguneroko gauzen artean dabil... Esango genuke adimen artifiziala, Jainkoaren ondoan, amateurra dela", erantzun zuen. Hitzaldiarekin jarraituz, gaurko munduaz mintzatu zen eta batzuetan zein konplexua den: "Gure gizartea ez da eroso sentitzen diskurtso konplexuekin, baizik eta 'fast food' pentsamenduaren inguruan mugitzen da, eta horrek ez digu uzten gogoeta sakonei heltzen", adierazi zuen. Sakontasun hori nahi dugu, laburbilduz, bizitzaren distrakzioek gal ez gaitzaten. 

Esteka argazki guztiak ikusteko.